Kixkimau (Pintto) Etxarriko ihaulterietako pertsonaia, aurpegia ikatzez beztua duena. Zakuzko jantzia, lastoz betea, eta ttuntturroa buruan duela.
Kixkimau, -be (Etx) iz. Etxarriko ihauterietako pertsonaia genuen, errautsez aurpegia belzturik eta gorputza zakuz estalia zuena. Hortik ‘erre’rekiko lotura. (BB, 230).Kixkimau beño errio niillek azkenontan! (Kiskimau baino erreago nabilek azken honetan!). Kixkimau pinto ere esaten zaio. Elduek, elduek, kixkimau pinto! (Heldu duk, hel du duk, kiskimau pinto!). “Personaje del carnaval de Etxarri-Aranatz, vestido de saco y con la cara ennegrecida”. (Sakanako Hiztegi Dialektologikoa, JL Erdozia)
Kixkimau: desesperado, cabreado; “Kixkimaûe beño errio” totalmente exasperado, calcinado. (Barranca Burunda, Rafael Carasatorre)
Argi dago, orduan, inauterietako pertsonaia izan dela Kixkimau, edo Kixkimau pinto. Gorputz osoa, burua eta guzti, estaltzen zion zaku oihalez egindakoa zen mozorroa, eta oihal horren barnea, gorputzaren itxura ere ez nabaritzeko, belarrez puztuta zeukan. Aurpegia, berriz, arnasa eta elikadura ez oztopatzeko, libre zihoan, baina errautsez edo ikatzez belzturik. Hortik, seguru asko, izenondo moduan erabili izana, erabat haserre, erreta, dagoenari egokitzeko.
Ez dakigu noiz sortu zen, baina ukaezina da oso egokia zela inork ez ezagutzeko horrela mozorroturik zebilena eta arrazoi erlijiosoez gain, zalantzarik gabe, ezaugarri honek ere lagundu zuen frankismoaren garai guztian debekaturik izateko inauteriak, oso aukera paregabea izan baitzezakeen edozeinek gerra eta gerraondoko zenbait basakeria-egileren batekin mendekua hartzeko.
Zenbait etxarriarren oroimenean soilik dokumentazioan agertzen den konparaziozko esaldiko esamolde moduan gelditu da: Kixkimaube beño errio! (Kixkimaua baino erreago!). Itxura Lantz herriko inauterietako Ziripot pertsonaiarena izanen luke, eta ez dugu ahaztu behar hau inauteri azken egunean erre egiten dutela.
Bestalde, ausartuko ginateke esatera bere osagaiak Kixk(al)i eta mau izan daitezkeela, lehenak “erabat erre” adieraziz eta, bigarrenak, berriz, beldurra sortzeko izpiritu edo arimek, dagoeneko gizatiarrak ez diren izakiek, erabiliko luketen soinua, Maaaau! Eta Pintto, aldiz, aurpegiko itxuratik etorriko zaio, seguru asko, ikatzez edo errautsez “apainduta” baitago gure inauteetako pertsonaia.
Esan bezala, gorputz osoa, burua eta guzti, estaltzen zion zaku oihalez egindakoa zen mozorroa, eta oihal horren barnea, gorputzaren itxura ere ez nabaritzeko, belarrez puztuta dauka. Aurpegia, berriz, arnasa eta elikadura ez oztopatzeko, libre zihoan, baina errautsez edo ikatzez bezturik.
Honaino, Kixkimau tradizionala, eta gaurtik aurrera beste osagai batekin lagundurik agertzen da, duela urte gutxi arte kintoek erabiltzen zuten “Ttuntturro” -a buru gainean duela. “Ttuntturro” horrek kartoizko egitura koniko luzexka du eta kartoia estaltzeko kolore askotako papertxo tirak harilkaturik erabiltzen dira bertan itsatsirik. Bestetik, eskuan makila ere badu, beharrezkoa bada parean daukana zirikatzeko. Kontuz! Ez dadila asko haserretu!