2026/02/05
Etxarri Aranazko Udalak tren publiko eta jasangarriaren aldeko alternatiba defendatzen du eta AHTaren Iruñea–Altsasu tartearen azterlan informatiboari alegazioak aurkeztuko dizkio
Estatuko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioak Iruñea–Altsasu tarteko azterlan informatiboari alegazioak aurkezteko epea ireki du. Azterlan horretan Tren Abiadura Handirako (AHT) korridore berri baterako aukerak soilik jasotzen dira, eskualdeen behar zehatzak eta tren garraioaren eredu alternatiboak kontuan hartu gabe.
AHTaren plataforma berri batek hiriburuak soilik lotuko lituzke, herriak baztertuz, merkantzien garraioa eragotziz eta ingurumen-inpaktu handia eraginez, gainera kostu ekonomiko oso handiarekin.
Etxarriko Udalak defendatzen duen tren publiko eta jasangarriaren alternatiba Araba eta Nafarroako Tren Publiko eta Sozial baten aldeko plataformek 2022an egindako azterlan teknikoan oinarritzen da. Azterlan hori Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Estatuko hainbat erakundetan aurkeztu zen, baina ez da kontuan hartu azterketa egiteko garaian.
Proposamen honek Miranda de Ebro eta Iruñea arteko egungo tren-korridorea modernizatzea planteatzen du, aldiriko, bidaiarien eta merkantzien garraioa bateragarri eginez. Helburua lurralde-kohesioa indartzea da, herriak eta hiriak lotuz, industrialdeei zerbitzua emanez eta ingurumen-inpaktu berriak saihestuz. Gainera, alternatiba honek azpiegitura berriak eraikitzea saihestuko luke, eta gutxi gorabehera 500 milioi euroko aurrezpena ekarriko luke Gasteiz–Iruñea ibilbidean.
Ministerioak azterlanean bi alternatiba aurkezten ditu, biak ere AHTarentzako plataforma esklusiboak eraikitzean oinarrituak: iparraldeko aukera eta hegoaldeko aukera.
Proposatutako trazadurek hiru zati nagusi dituzte:
Izatik Hiriberriraino: trazadura proposamen bakarra.
Hiriberritik Bakaikuraino: bi aukera, iparraldekoa eta hegoaldekoa. Bakaikutik Altsasura: trazadura proposamen bakarra
Azterlana paper formatuan kontsulta daiteke Etxarri Aranazko Udaletxean, interesa duen edozein herritarrek aztertu ahal izateko. Astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara.
Alegazioei buruzko informazioa:
Edozein pertsonak, erakundek edo elkartek aurkez ditzake alegazioak. Alegazioak aurkezteko epea: martxoaren 6ra arte.
Etxarri Aranazko Udalak herritarrei laguntza eskainiko die alegazioak aurkezteko. Informazio gehiago lortzeko, galdetu udal bulegoan.
Udalak etxarriarrak gonbidatu eta animatzen ditu proiektu honi buruz informatuta egotera —gure bailara zeharkatuko lukeena eta datozen asteetan egingo diren ekimenetan parte hartzera.
Bilera informatiboa: Otsailaren 9an, 19:00tan Kultur Etxean