Bernoako galtzada
Galtzada Ataundik etortzen zen. Galtzada-adar bana Urdiainen eta Iturmendin sartzen ziren. Santa Marinara igotzen ziren. Baina Iturmendikoaren adar bat Bakaikun Mandabita bidetik sartu eta Galtzadamakurretik, Mandakamiotik eta Artasorotik (artatxikia, mijoa) Etxarrira jotzen zuen.
Sakanara paraleloa den ibarra da, Urdiaindik Etxarriraino doana.
2015eko udan hasi ziren Bernoako galtzada azaleratzeko lanak auzolanean.
Orain arte azaleratutakoa
Bakaikun metro erdiko galtzada opatu dugu. Zaharra dela dirudi. Iturmendin, berriz, zaharberrituta dago eta 2,10 eta 2,20 metroko zabalera du. Modernoagoa da. Hobekien dagoen zatia Ataunera jaisten dena da. Markesaren basoa zen eta ez da mendeetan ikutu. Erdi Arokoa izanen da ziurrenik. Aiako zubi batera ateratzen da.
Ferra-galtzaden erabilera
Gure gurasoek bide horiei erromatar galtzadak deitzen zieten. Galtzada nagusiak, Sakana zeharkatzen zuen Bordele eta Astorga artekoa esaterako, sei metroko zabalerakoa ziren eta haiek, bai, erromatarrak ziren, gurdiendako eginak. Baina gu azaleratzen ari garen galtzadak mandazainen ibilbideak ziren, ferra-galtzada izena dute, zaldiak eta, batez ere, mandoendako zirelako. Horretarako ez da bide handirik behar. Erdi Aroko bideak dira.
Baina hipotesiak egin daitezke: bide horiek historia aurrean ere erabiliak izan zitezkeen. Bai Santa Marinan bai Bernoan trikuharriak daude. Erromatarrak gero sartu ziren. Baina haien galtzadak zabalagoak ziren eta legionarioek egiten zituzten.
Itsas aldetik Done Jakue bidea egiten zuten erromesek Bernoako galtzada erabili zezaketen ez dago zehazterik, oraingoz. Ezta, Oiasso (Irun) hiri erromatarra eta Bordele-Astorga galtzada lotura Sakanan egiten zenik. Hipotesiak baieztatu edo ezeztatzen dituen arkeologia lana egitea falta da.
Nolakoa da Bernoako galtzada?
Harri handiak bidearen ertzetan, harri xehea erdian eta toki batzuetan harriz egindako bizkar-hezur moduko bat. Errekako harriekin egindakoak dira.
Non bukatzen zuen galtzadak?
Pasaian eta Gipuzkoako portuetan. Horregatik, lotu nahi izan dugu galtzada eta San Joan baleontziaren berreskurapena, mandazainek erabiltzen zuten ibilbidea zelako. Itsas portuetatik Ameriketatik ekarritakoa garraiatzen zuten. Hasiera batean, bale-olioa, bakailaoa eta halako zerbait ekarriko zuten. Euskaldunek monopolioa zuten. Gerora, kakaoa, tabakoa, zura…Lizarraldeko ardoa eta aleak eta bertako ikatza Gipuzkoara eramanen zituzten. Merkataritzarako bideak ongi egotea ezinbestekoa zen.
Zerk ekarri zuen galtzaden gainbehera?
Gure gurasoek mandazainen bat ezagutu izan dute, Ameskoarako bidean asko ibiltzen ziren. XIX. mendean Lizarrustiko portua zabaldu zen. Mende bereko bukaeran, trenarekin, merkataritza asko galdu zen. Gainera, mende horretan, etengabe gerran izan ziren. Jendearendako oso gogorra izan zen. Gerrek lapurretak ugaritzea ekarri zuten eta segurtasunik gabe ezin merkataritzan jardun.
Nicolas Arbizu Gabirondo
Tokiko historian aditua
Informazioa Guaixetik jaso da