Etxarriko imajinario kolektiboko sorgina. Izua eragin lezake, baina Beheko Basoko atso jakintsua dugu, naturarekin bat egina dagoen izpiritu onuragarria.
Txiñerratxo: (Etx) iz. XX. mendearen erdialdean haurrei kontatzen zizkieten ipuinetako sorgina. Txiñer eta atso izanen lirateke bere osagaiak. “Bruja de los cuentos de mediados del siglo XX”. (Sakanako Hiztegi Dialektologikoa, JL Erdozia)
Txiñermuno: Chinermuno (1880), Chiñurmunua (1766), Chinermuno y Chiñarmunoa (1888). Chinurmunua (1806). (Barranca Burunda, R. Carasatorre)
XX. mende erdialderaino iritsi den pertsonaia da Txiñerratso Etxarri Aranazko zenbait etxetako erabileran. Sorgina, arima edo izpiritua ere adierazten omen zuen eta badirudi, erabili zutenen artean, azken boladan, haurrak behin ilunduta etxetik kanpo ez egoteko erabiltzen zutela. Kalean gauez egoten ziren haurrek, nonbait, arriskua zuten Txiñerratso agertu eta berarekin eramateko.
Kristau erlijioaren eraginez bereziki, sorgin hitzarekin maiz gertatu den moduan, zentzu peioratiboa eta izaera gaiztoa eman zaio pertsonaia honi.
Ezagunak dira, gaur egun oraindik ere Etxarriko zenbait etxetan, joan zen mendean kontatzen ziren istorioak, zeinetan Txiñerratso zen protagonista, hegan batetik bestera, gaua kanpoan pasatzea egokitzen zitzaion jendearen buruaren ingurutik, honen hegaldien soinua baino ezer gehiago identifikatu ezin bazuten ere.
Horietako beste batean, kontatzen dute Txiñermuno toponimoaren inguruan, gaua pasatzea tokatu zitzaion bati, tokia egokitzen ari zela, ilun-iluna dagoeneko, bizkarrean zerbaiten edo norbaiten ukitua nabaritu zuela eta, beldurraren beldurrez, ezertxo ere mugitu gabe, hantxe gelditu zela argitu zuen arte. Eta argitu bezain laster, buruari atzera eragin eta zer ikusi eta… lar bat itsatsita bizkar gainean. Nolakoa zen urte horietan sorgin, izpiritu, arima edo hezur-haragizkoak ez ziren “izaki” horien erabileraren adierazle.
Baina sorginei ere, gizatalde frankotan eta beste garai batzuetan, komunitatearen aldeko eginkizun onuragarriak aitortzen zitzaizkien. Sendabelarren ezagutza eta erabilera, esate baterako. Eta guk ere, gauza bera egin nahi izan dugu Txiñerratso-rekin, Etxarriko erraldoietako baten izena eta gorpuzkera ematerakoan, Etxarri Aranatz herriaren memoria berarekin irudikatu nahi izan dugu, txiñer-a (arima, izpiritua edo dena delakoa) eta atso-a (emakume zaharra eta jakintsua).
Horiek dira, zalantzarik gabe gure pertsonaiaren izenaren osagaiak eta, gainera, lehenari dagokionez behintzat, ez dugu beste inon izen bera aurkitu.eta herriko toponimian agertzen da XVIII. mendetik hasita gutxienez, dokumentazioan ikus daitekeen bezala. Etxarriko pertsonaia izateko arrazoi nahikoa, beraz.
Txiñerratso basoko atso jakintsua da, eta antzinako soinekoaren gainetik oihal harro, arin eta gardenak ditu, pertsonaiaren sorginkeria eta arima irudikatzeko.
Basoko atso jakintsu denez, buruan zare bat darama, Beheko Basoko uzta preziatuaz betea. Lehengo etxarriarren modura, zarea buruan egokitzeko eta gauzak garraiatzeko “burkiñe” darama.
Onttoak, ixtorra eta sendabelar onuragarriak daramatza. Baina kontuz! Amanita muskaria pozointsua ere hartu du bere hedabe sorginduak egiteko...